EIGEKO ORDEZKARITZA BATEK BILERA EGIN DU DONOSTIA ZINEMALDIAREN KOMUNIKAZIO TALDEAREKIN

COVID19AK SORTUTAKO EGOERAK AZTERTU ETA IRTENBIDEAK BILATZEA IZAN DA ASMOA

Covid 19aren ondorioz, birusaren transmisioa ekiditeko ezarri diren protokoloak aitzaki, jarduera eta ekintza ugaritan, prentsa argazkilariok, lana betetzeko aukerarik gabe utzi gaituzte. Jende arteko distantzia mantendu beharrak, batzuetan, argazkilariontzako aski lekurik ez izateagatik, eta besteetan, gugeuk norbait kutsatu omen genezakeelako, gune askotara sartzeko aukerarik gabe utzi gaitu.

Udara hasieran, adibidez, estatu espainiarreko beste fotokazetari elkarteekin batera, elkartaratze eta protesta ekintzak burutu genituen futbol zelaietara sartzeko ezarri nahi ziguten debekuaren aurrean. Futbolarena esanguratsua izan bada ere, ez da bakarra izan.

Beste esparru batzuetan, aldiz, protokolo neurriak betez, antolatzaileekin akordiotara ailegatu gara, arriskuak ahalik eta gehien murriztuta, prentsa-argazkilariok geure lana behar bezala betetzeko bideak izan genitzan.

Kontutan eduki behar da prentsa munduan gabiltzan argazkilarion ehuneko handi bat langile autonomoak garela, eta argazkiak egitera joan ezin garen ekitaldi bakoitza, norberaren soldatari kandu beharreko zati bat da.

Hau ikusita, eta Donostiako Zinemaldia, bertako eta kanpoko argazkilari askorentzako lan esparru dela jakinik, EIGEk bilera bat eskatu zion Zinemaldiko komunikazio taldeari. Gure kezka, batez ere, Zinemaldiak zein asmo zituen jakitearena zen, ea argazkilariok lana egiteko zein aukera izango genituen ikustea; baina horrekin batera, Zinemaldiari gure laguntza eskaini nahi izan diogu, prentsaurreko, argazki-saio eta bestelako ekitaldiak antolatzerakoan, profesionalen iritzia eman eta irtenbide txukunak bilatze aldera.

Bilera interesgarria izan da, eta bi aldeek Zinemaldi arraro eta zail baten aurrean gaudela barneratuta, bakoitzak bere esku dagoen guztia egiteko prestutasuna azaldu diogu elkarri, jaialdiak eta gure jardun profesionalek ahalik eta kalte gutxien izateko.

Multzo handitan argazkiak egin ohi ditugun kokaguneak aztertu eta bakoitzean irtenbide egokienaren bila ibili ginen. Egoera ez da erraza, espazio fisikoek denon aurka jokatzen dute, babeserako distantziak gordez gero, gune guztiak baitira txiki beste urteetan parte hartu dugun argazkilari guztiak kabitu gaitezen, baina lan baldintza txukun, Zinemaldiaren jazoera zuzen eta osasun neurrien arteko oreka bilatzeko saiakera onartu behar diogu Zinemaldiari.

Zinemaldiak bere aldetik jarri du, fotokazetariok ere gure aldetik jarriko dugula ez dugu dudarik.

Arraroa izango da, Zinemaldiari saltsa eta gure argazkiei gatza ematen dion publikoa faltako da, baina gogoratzeko urtea izango da.

Share This